2.3.07

Leizean Murgilduz XI. Amaia Lasa

Poesiaren txoko honetara bueltatuko gara, kasu honetan euskaraz idatzitako poemak aurkeztera. Duela hilabete batzuk Durangon erositako liburu bati buruz hitz egingo dizuet. Hasteko Amaia Lasaren izenera nola heldu nintzen azalduko dut.

Pasadan urtearen amaieran, egun guztietan bezala metrora sartzerakoan gauza bat deigarri gertatu zitzaidan. Metro geltokiak euskal literaturaz beteta aurkitu nituen. Geltokietan bertan zenbait testu irakurgai zeuden Euskeraren eguna hurbil zegoela eta. Testu guztietatik poesia batek izan zen nire sentimendu radarra erne jarri zuena. Denborarekin konturatu naiz ni ez nintzala izan kasu isolatu bat baizik eta gazte askok ere ni bezala zerbait berezia ikusi zutela hitz haietan. Poemaren idazlea Amaia Lasa zen eta handik aurrera berak idatzitako gauzak bilatzen hasi nintzen Durangon bere poesia antologia bat eskuratu arte.

Liburu honen sarreran irakur daiteke nola Amaia Lasa heldu arte emakumeen lekua euskal literaturan oso pobrea zela. Amaiak maitasunari modu zintzo batean idazten dio, ahoa estali gabe lau haizetara zabalduz bere barneko sentimenduak, izan ere hau ez litzake gauza harrigarririk izango epoka berezi bati buruz hitz egiten ari garela ohartuko ez bagina. Baina maitasuna ez ezik ideologiari buruzko paradoxek eta kontraesanek ariman suertatzen dituzten iraultza ikustezinei buruz ere idazten du Amaia Lasak. Ametsak egia bueltatzeko desioak eta desio hauen arriskuak argi eta garbi agertzen dira nahiz eta oso argi ezin ikusi arazo existentzial honen irtenbidea. Bere buruari ikerketa sakon bat egiten dio eta emaitza bertsotan aurkezten du.

Hona hemen adibide moduan aurkitu ditzakegun poemak:

Une batean
gure gutiziak
ametsari lotuko bagenizkio.

Une batean
gure itxura ihartuak
ikusiko bagenitu.

Une batean
bizitzeko ametsa
egingo bagenu.

Une batean
ametsa
egia
bihurtuko genuke.

--------------------

Hitz Nahastuak

Nire zortzi deiturak ez dira euskaldunak.
Nire euskara ez da garbia.
Nire hitzak ez dira txukunak.
Nire sinesmenak ez dira eurenak
hala ere
Euskal Herria sortzen ari gara.

Nik hasiera eman nion,
zuk bukaera eman zenion Zerbaiti.

Zulo zuri luze bat,
auto biribil beltz bat.
Haiek ez dute gure hitza ulertu.

Behin eta berriro,
lur galduaren bila mugitzen gara.

Itsasoko ur sakonetatik
arrain handi bat irten da,
arrainarekin kaioaren habiara noa.

Jan,
egunero jaten dut,
edan, beti,
arnasa
egunero ukatzen didate.

Inork ez du itsasoaren hondoa jo,
ez eta poetaren fantasia ito;
baina ez dugu poemarik,
ez dugu fantasiarik.
Poetaren fantasia zapaldu
poetaren fantasia beztu dute.

Kaioaren habiara heldu naiz,
ez naiz gehiago hemendik mugituko,
amets horretan murgilduko naiz.
Inork ez du
Anboto Damiaren fantasia indartsua isilduko,
Damiaren hegada luzeak
Saforen begirada larritua lasaituko du.

Zuk hasiera eman zenion,
nik bukaera eman diot Zerbaiti.

-----------------------------------------


Maitasuna
fraude bat dela diote,
fraude hitza ulertu nahirik nabil
maitasuna
zer den ulertzeko.

Haragia
pusketaka
erortzen
ari zait
gelaz gela.

Azkaraten
aske eta beldurti
txoriak bezala
inoiz
atzera begiratu gabe.

-----------------------------------------


Hutsik dauden itsasoetan
igeri egiten utzi didate.

Haizerik gabeko zeruetan
arnasa hartzera behartzen naute.

Nire begiek
itotakoaren begiekin
so egiten dutenean,
argiz betetako kolorez
inguratzen naute.

Nire gorputza
hilotz bihurtuz gero,
jantzi liluragarriz apaindu didate.

Pentsaturik,
nire besoak
nire behatzak
ez direla gehiago mugituko,
beren eskuak
eskaini didate.

Eta
nik
besoak moztu dizkiet.

-------------------------------------------


Tango bat dantzatzeko

Zein zaila den historia aldatzea
zu ni izatea
ni zu izatea
ez goaz ezer aldatzera
ez dago arrazoirik.
Berdintasuna ez da lozorroan
lortzen
gaueko mozkorrean baizik
nik zu zaitut maiteago
zure ohea baino.

(Poema guztiak XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumatik ateratakoak dira, Amaia Lasari buruzko liburutik, SUSA argitalatxekoa)



No hay comentarios: